XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Neoklasikoa mantendu zen denbora luzean eta dogma-balioa eman zitzaion.

Hala ere, noizbait ailegatu ziren aurreko garaietako arkitekturak modan zeudeneko berriak, eta hemen ere bide horri jarraitu nahi izan zitzaion.

Beraz, berandu baina izan ziren hemen ere arkitektura historizistaren ale bakar batzuk.

Madrilen Cubas-eko Markesak Erdi Aroko estiloak erabili zituen eta Butroiko Gaztelua egin zuen Bizkaian eta Almudenako katedralea Madrilen.

Erromanikoa eta gotikoa nahasiz Barcelonan ildo berari jarraitu zion Elías Rogent-ek, Ripoll-eko monastegia errestauratu zuen pastitxe neorromanikoa eginez, eta Barcelonako Unibertsitate Zentrala estilo neogotikoan.

Jareño-k Madrileko Liburutegi Nazionala egin zuen, material berriak erabiliz baina oraindik neoklasizismoari lotutako estiloz.

Adaro-k Espainiako Bankua egin zuen baita ere estilo errenazentistan, eta A. González-ek Madrileko plaza edo Sevillako Jauregi Urdina, estilo neomudejarrean.

Askoz ere progresistagoa azaltzen da garai horretako hirigintza.

Arturo Soriaren Hiri Lineala eta, Madrileko zabaldura-proiektua eta, batez ere, Cerdá injineruaren Barcelonako Zabaldura, Europako lanen mailan egon ziren.

Donostiako Zabaldura ere txukun egindakoa izan zen, ez hain handiasmokoa, ordea.

Euskal Herrian ere neoklasizismoa luzatu zen denbora luzean.

Gero arkitektura historizista, estilo desberdinetakoa, eta eklektizista ere egin zen mendearen azken aldera.

Eraikin publiko errepresentagarri asko egin zen.

Ia gehienak gure hirietako zabalduren inguruan txertatuak, hain zuzen zabaldura horiek mende honetan osatu bait ziren.